2012/03/29

Rubén Aikor!en



Zamudioko titana basamortua konkistau nahian


aikor

Apirilaren 29tik maiatzaren 4ra bitartean Milenio Titan Desert by Gaes lasterketea egingo da Marokoko basamortuan. Rubén Glera zamudioztarrak parte hartuko dau Polar taldeagaz. Gogor dabil entrenaten, erronkari ahalik eta indartsuen aurre egiteko.

Antolatzaileen esanetan, Milenio Titan Desert lehiaketea nork bere burua gainditzea helburu dauen lasterketea da. Eta erronka handia dakar, parte-hartzaileek basamortuari egin behar deutsielako aurre, beroari eta distantziari. Baina ez da zoroei zuzendutako lasterketea, ez; sakrifizioa egin eta saria topetako prest dagozanei zuzendutakoa baino. Bizikletaren zaleentzako saioa da, euren sasoi fisikoa eta indar mentala probau gura dabezanak. Ausartentzako lasterketea da, euren mugak ezagutu eta hareei aurre egiteko prest dagozanentzat. Halan, bada, sei egunean zehar txirrindulariek harea eta dunak zehartu beharko dabez, lurrezko eta hareazko pistetatik. Seirehun kilometro inguru egin beharko dabez.
Ausarta horreetako bat Rubén Glera zamudioztarra dogu. Zamudio Kirol Klubaren presidentea izateagaitik ezagutzen dogun arren, txirrindularitzaren zale amorratua da eta kirol hau orain dala 18 urte hasi zan praktikaten, futbolaria izateari itxi eutsanean. “Titan Desert lasterketea lehendik ezagutzen neban, eta mendiko bizikleta arloan egin ahal ziran gauzarik gogorrenetarikoa zalakoan nengoan. Baina abenturea eta bestelako erronkak oso deigarriak dira niretzat”.
Erlojuak-eta merkaturatzen dituan enpresa batek eskaintza zabaldu eban bezeroen artean: pultsometro jakin bat erosten ebenek aukerea eukiko eben Milenio Titan Desert lehiaketan parte hartzeko. Rubének izena emon eban eta enpresatik deitu eutsien, Gironara joan eta Montseny natura-parkean hautatze-probak egiteko. Estadu eta Portugaleko 20 lagun ibili ziran han norgehiagoka; 14 gizonezko eta 6 emakumezko. Enpresak bederatzi kirolarik osatutako taldea sortzeko asmoa eban: sei gizon eta hiru emakume. Rubén bosgarrena sailkatu zan. “Zazpi proba fisiko egin behar izan genduzan, eta pultsazioei lotutako test bat. Probak apur bat gogorrak izan ziran, zero azpiko zazpi gradutan egon ginalako, eta izotza egoalako. Bizikleta barik korrika egin behar izan genduan, bizikletaz ibilita ginkana antzeko baten parte hartu, kronoigoerea, 40 kilometroko lasterketea...”.

Hilabete eskasa
Montseny natura-parkean bizi izandakoa “apur bat gogorra” izan bazan be, askoz gogorragoa izango da zamudioztarrak Marokoko desertuan topauko dauena. Gainera, etapa nagusia Atlas mendikatearen hegoaldean egingo da. “Entrenamentua eta beharra buztartzen saiatzen nabil eta egunero 80-90 kilometro egiten ditut. Asteburuetan goietako bizikletan entrenaten dot neure burua, eta Astunera joaten naz horretarako”. Hilabete eskas falta da Rubén Marokora abiatzeko, eta edozein kirolarik bizitza osoan euki leikean esperientziarik ziragarrietariko bat bizi izateko. “Kirolari profesionalak badagoz, Titan bezalako lasterketetan parte hartzen dabenak. Eta horreek, hain zuzen, dira irabazten dabenak. Gurea beste filosofia bateko lasterketea da, nire ustez: ahalik eta arazo gitxien euki eta lasterketea osoa egin; hau da, heldu. Eta batez be esperientziaz disfrutau eta ha kontau ahal izatea”.
Hasieran aitatu bezala, Rubén Zamudio Kirol Klubaren presidentea da, baina Txirrin-txirrin alkarteko kidea be bada. “Txirrindularitzea gehien praktikaten diran kiroletarikoa ez da, beharbada. Baina aukerea dogu herrian bertan ha egiteko. Alkarteak urte osorako ekimenak eta urteerak antolatzen ditu eta gura dauenak egin ahal dau bat gugaz”. Hau lehenengo aldia da zamudioztarrak hain proba zorrotz baten parte hartzen dauena, eta ikusmin handia sortu da herrian eta lagunen artean. “Ibilia naz hemendik egiten diran mendiko bizikletaren inguruko probetan: Euskadiko Txapelketea, Lezamako Infernua...”. Basamortuaren gordintasunari aurre egiteko momentua ailegaten dan arte, handik eta hemendik dabil bizikletaz, mendian gora eta mendian behera.



Iturria: http://www.aikor.com/artikulua/866?actual=0&items=10&cat=9

2012/03/19

Bilbao-Bilbao-2012

UNBE:
Imanol, con la Sociedad Ciclista Bilbaina:
Rubén eta Koldo:
Gorka:

META:
Jose:
Koldo:
Rubén eta Gorka: