Kamioiko kabinatik gurpil-aulkira pasau zan Iñaki Castañeda istripu baten ondorioz. Errepideak, baina, ez eutson bizimodua erabat lapurtu eta, ekinaren ekinez, gogotsu jarraitzen dau. Horren erakusle da bere ahots indartsua, gorputza bezain indartsua, kirolaria baita, triatletea, hain zuzen be. Bideak hankak lapurtu eutsozan, baina ilusinoa ariman dago eta arimea pozarren dauka, Hawaii-ra begira, triatleten jomugara. Zamudion egiten dituan entrenamentu-saioetan tartetxua atara dau eta berbalditxua egin dogu beragaz.
1.- Istripua eta gero, nondik atara zenduen indarra kirola egiten jarraitzeko?
Nik, istripua izan baino lehenago be, kirola egiten neban; beti izan naz kirolzalea. Istripua izan ondoren, argi neukan kirola egiten segiduko nebala baina denpora-tarte batean galduta ibili nintzan. Handik hiru urtera, barriro ekin neutsan, baina ez modu profesionalean, ni ez naz profesionala.
2.- Profesionala ez izan arren, zelan pasau zinan triatloi espezialidadeko goi-mailako kirolari izatera?
Istripua izan baino lehen, zenbait triatloitan parte hartu neban eta, tartean, maratoiak korriduten nebazan eta bizikletan be ibilten nintzan. Istripua izan eta errekuperau ondoren, gustetan jatana egiten segidu gura neban: gurpil-aulkiagaz lasterketak egiten, uger eta bizikletan ibilten. Halanda be, lehiaketatan, atletismoa baino ez neban egiten, hau da, gurpil-aulkiagaz lasterketak, hori baino ez. Baina, atletismoagaz, astebururo neukan lasterketaren bat eta horrek denpora lar kentzen eustan; horregaitik hasi nintzan, barriro, triatloian, urtean bi edo hiru lasterketa egiten.
3.- Eguneko ordu gehienak emoten dozuz entrenetan. Zerk bultzatu deutsu zure bizimodua horrela antolatzera?
Askok esaten deustie, entrenetan egiten dodazan orduak ikusita, profesionala nazala, eta nire erantzuna beti da bera: profesionala bai, baina kobrau barik!
Egunean lau eta sei ordu bitartean egiten dodaz, goizean goiz hasi eta eguerdira arte, hiru espezialidadeak lantzen dodaz. Triatloia itzel gustetan jat, lehen be egiten neban eta orain be jarraitzea erabagi dot. Horregaz, erakutsi gura dodana da minusbaliotasun fisikoren bat daukan edonork egiteko moduko kirola be badala triatloia. Ez da zertan Ironman lasterketara joan behar triatloia egiteko; hainbat lasterketa labur be badagoz kirol honetaz gozetako aukerea emoten deutsuenak. Denporeagaz, triatloi luzeagoak egiten joan daiteke.
4.- Triatloia, hiru kirol mueta lantzen dira: bizikletea, igeriketea eta korrika. Beraz, esfortzu handia eskatzen dauen kirola da, hiru espezialidadeak oso desbardinak baitira euren artean eta, lasterketan, batetik besterako aldaketea gogorra dalako gorputzarentzat. Zer suposatzen dau kirol horrek minusbaliatu batentzat?
Berez, minusbaliotasun fisiko barik be, triatloia kirol gogorra da. Halanda be, egon badagoz minusbaliatuak kirol bat baino egiten ez dabenak eta, horreentzat, beste espezialidade batzuk lantzeko aukerea izatea zoragarria da, ez zarelako gauza bakarrera mugatzen, hainbat arlo lantzen dozuzalako, nahiz eta urritasuna izan. Erronka berezia da guretzat eta urritasun fisikoa daukan edonork egiteko moduko kirola dala erakusten da, beti be persona bakotxaren ezaugarriak kontuan izanda.
5.- Lasterketatan, ibilbidea erabat prest dago gurpil-aulkian ala bizikleta berezietan zoazenontzako?
Ez. Ni orain arte egon nazenatan edo Internet bidez ikusi ahal izan dodazan ibilbideetan, ez. Beti egoten da bidezidorren bat edo eskailera-guneren bat. Orain, Donibane Lohitzune herrian egingo dan triatloiko ibilbidea ikusten egon naz eta, han, kasurako, eskailera-gune bi dagoz. Antolatzaileakaz egin behar izan dot berba eta esan deustie euren ordezkari bi egongo dirala bertan, nire gurpil-aulkia hartu eta ni ia altzoan hartuta, 'airean' bajau ahal izateko. Arazoa, nolabait, konponduko da, baina ez da kasurik idealena.
Halanda be, ulertzen dot oso gatxa dala ibilbide guzti-guztia egokitua izatea, parte-hartzaile gitxi garela minusbaliotasunen bat daukagunok eta. Horregaitik, onena nire moduko gero eta parte-hartzaile gehiago egotea izango litzateke, antolatzaileek be kontzientzia har dagien. Ez daukat kejarik orain arteko antolatzaileen kontra, erabateko borondatea erakusten dabe gu eroso egon gaitezan eta bidea errazteko, baina oraindino, egiteko asko dago.
6.- Goi-mailako kirolaria zara eta horrek esfortzu itzela dakar. Zelakoa da zure entrenamentu egun bat?
Esfortzua egin behar da eta gogorra da, baina nik ez daukat beste beharrik, zuek egunean 8 ordu egiten dozuez beharrean, ba, nik entrenau egiten dot; hori da nire beharra.
Gaur, kasurako, goizean goiz altzau eta zortzirak bueltan martxan nago. Egunero egiten dodaz espezialidade bi eta bizikletan 4 edo 5 ordu egon ondoren, 80 kilometro eginda, atletismoko gurpil-aulkian jarten naz barriro beste hiru bat ordu egiteko. Eguerdiko hiruretarako dana amaituta eukitea gustetan jat, gurago izaten dodalako goizez bakarrik egin, eta dana jarraian, probak be holan izan diralako, dana jarraian.
Ezin naz kejau, kirola baino ez dodalako egiten, jente askok, probak egin eta hurrengo egunean, beharrera joan behar dau eta ni horretan suberteduna naz.
7.- Arlo ekonomikoan laguntzen zaituen babeslerik badaukazu?
Ez. Horretan nabil, babesleren bat topetan, baina oso gatxa da. Igaz, kasurako, Austriako Ironmanean egon nintzanean, hiru babesle izan nituan, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Bilbao Bizkaia Kutxa. Baina unean-uneko babesa baino ez zan izan eta egunotan eurekaz berbetan nabil, Hawaii-ko Ironmana egin gura dodala aurkeztu deutsiet eta euren babesik izango dodan itaunduz. Halanda be, gatx ikusten dot.
8.- Honezkero aitatu dozu triatleta guztien jomugea: Hawaii. Urrun dago fisikoki, baina hurbil ikusten dozu zuk...
Bai, gogor ikusten dot neure burua, indartsu. Halanda be, lehenengo, txartela lortu behar dot eta hori ez da erraza izango. Probea Anberesen (Belgika) izango da eta txartel bi baino ez dagoz Europa osotik parte hartzen dogun gurpil-aulkidunontzat. Beraz, ez da horren erraza...
Txapelketea urrian izaten da eta aurten joatea ezinezkoa da, txartela hurrengo urterako lortu beharko neuke. Halanda be, baliteke ezin joatea, babeslerik ez badaukat, ezinezkoa baita.
Lasterketa gogorra da Hawaii-koa, batez be hezetasunagaitik, bero handia egiten dau han eta hezetasun-mailea oso altua da. Halanda be, baditu alde onak be, mundu mailako arlo honetako kirolariak ezagutzeko aukerea eskaintzen baitau eta, nire kasuan, Europatik bi baino egon ez arren, geure moduko amerikar mordoak parte hartzen dau gurpil-aulkiagaz eta hori pozgarria izango litzateke niretzat, egon badagoalako kirola egiten dauen jente minusbaliatua baina lasterketa honeetan parte hartzen ez dauena. Horreek dira animau beharrekoak.
9.- Orain arte parte hartu dozuzan lasterketetatik, zein nabarmenduko zeinke?
Gurpil-aulkiagaz, bostetan parte hartu dot eta, horreetatik bat, Ironman-a izan da, hau da, 3,8 kilometro uger, 180 bizikletan eta maratoi bat korrika, gurpil-aulkiagaz. Azken hori nabarmenduko neuke, Austrian izan zana, batez be luzereagaitik. Oraintsu be, beste bat egin dot Araban, distantzia-luzekoa, eta Europako txapeldun izentau ninduen baina ez nintzan guztiz pozik geratu, neu nintzelako minusbaliatuen kategorian parte hartzen eban bakarra eta, beraz, txapel horrek ez deust askorako balio, ez nintzan guztiz gustura geratu. Zarautzen be izan naz, Bartzelonan be bai...
10.- JOMA kirol-enpreseak Internet bidez egindako inkesta baten ondoren, kirolari-berezi izentau zaitue eta, zure esfortzua goraipatzeko, zure irudia erakusten daben hiru estatua jarri ditue Bartzelonan. Pozik hartu zenduan barria?
Bai. Berez, Internetez izan zan eta ez nintzan lar enterau, lagun batek emon eban nire izena eta egun batetik bestera botu-kopuruak izugarri egin eban gora. Pozik nago, egiten dodan beharra ezagutarazoteko balio dau merezimendu horrek.
Saioa Torre Gereketa
Iturria: http://www.bizkaie.biz/orokorra.php?atala=2&sec=4&id=6605&fecha=2010-08-10
Mila esker Iñaki Atxutegi eta Fleya Ugalderi egindako lan eskergagatik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario